Friday, April 21, 2006

Lagunarte zerrenda

Hau da goizean Interneten sartu eta aurkitu dudan albiste bat:

Zabaldu berri den ikerketa baten arabera, Fernando Alonso, Julen Guerrero, Antonio Banderas eta Jose Luis Rodriguez Zapatero ere gustukoak dira EAEko biztanleentzat, kaña batzuk hartzeko.

Ez dakit zuek, baina ni behintzat ez naiz identifikatua sentitu. Ipsos-Eco Consulting enpresak Cerveceros de Españarentzat egin duen ikerketa baten araberako emaitzak ei dira eta 18 urte gorako 2000 laguni egin dietela galdeketa esaten dute.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara joan omen dira galdegileak (EAE diote; erdaraz Pais Vasco erabiliko zuten ziurrenik. Euskal Herria, ezta? Beraz, non dira gainerako probintziak?). Zuetariko norbaitek erantzun al dio galderari? Eta horrela izanez gero, zein izan da erantzuna? Jakin nahiko nuke norengana jo duten...

Beraien esanetan, ranking-a horrela geratu da:
  1. Ibarretxe
  2. Clemente
  3. Arias
  4. Alonso
  5. Julen Guerrero
  6. Antonio Banderas
  7. Jose Luis Rodriguez Zapatero

Nik ez nuke horko inorengandiko bozkatuko, ez naiz beraiekin identifikatzen. Aukeratzekotan, garagardoa Clementerekin, ez zidalako aspertzeko betarik ere emango. Baina Fernando Alonso? Ni Kimiren (Raikkonen) aldekoa naizenez... ahaztu!!!!

Hau izango litzateke, beraz, nire zerrenda:

  1. Lagunak (dudarik ala?) : Arrasate, Reno... I don't care!
  2. Familia
  3. Ikasketa lagun ohiak
  4. Sarri (Euskal Herrian lasai bizitzea uzten diotenaren seinale)
  5. Kimi Raikkonen (behin atzerrira joanda, ez dut Asturias aukeratuko!)
  6. .... beste milaka lagun
  7. .... eta sistema zapaltzaileen aurka borrokatzen dutenak

Thursday, April 20, 2006

V for Vendetta


Beste filme baten kritika gaurkoan. Iragan asteburuan ikusi genuen Argitxu, Veronica eta hirurok V for Vendetta, eta oso interesgarria iruditu zitzaigun. Etorkizunean kokatzen den istorio honek ere biolentzia izan badu, baina mamia interesgarria dela iruditzen zait.

Etorkizuneko Ingalaterra diktadurapean aurkitzen da eta V izeneko pertsonaia hasten da jendearen kontzientzia berpizten. Abentura ugari horren inguruan. Natalie Portman eta Hugo Weaving James McTeigue-ren filmeko protagonista nagusiak, eta bikain betetzen dute beraien papera.

Wednesday, April 19, 2006

Green Street Holligans


Futbola gustatzen zait. Renon lagunak ditut futbola gustatzen zaiena. Baina benetako futbola, eta ez futbol amerikarra. Horren arira, atzo Green Street Holligans filma ikusi genuen Marcos, Ralph eta hirurok. Britainia Handiko Holligan-en inguruko filmea. Ondo dagoela esan behar, nahiz eta biolentzia protagonista nagusi izan. Hala ere, nola jokatzen duten jakiteko interesgarria. Ahal izanez gero ikusteko gomendatzen dut. Agian ez da erraza aurkitzea. Guk hemen ez dugu ohiko bideo dendatan aurkitu, independientea ei da eta.

Kulturen jaia Mundumiran


Iazko ekainean Arrasaten ospatu zen lehen aldiz Mundumira ekitaldia eta aurten Oñati aldera eramango dute. Maiatzaren 26, 27 eta 28an ospatuko da Euskal Herria aldizkariak antolatutako munduko kulturen jaialdia. Ekitaldi ugari antolatu dituzte hiru egunetarako: kontzertuak, dantza erakustaldiak, mendi ibilaldiak...

Bigarren edizio honek aurrenekoak baino harrera hobea izatea espero dut, Arrasaten egin zenean ez zen jende askorik gerturatu eta. Gogoan dut egun batzuk lehenago egin zen jende kopuru aurreikuspena: izugarria. Gogoratzen dut nola antolatu zituzten aparkalekuak Arrasate kanpoaldean eta baita inguruko herrietan ere. Ez zen, baina, erantzuna horren handia izan; behar bada lehen jaialdia izan zelako.

Niri behintzat interesgarria iruditzen zait ekitaldiaren planteamendua. Orointzen dut nola joan ginen Herriko Plazan atondu zuten karpara eta bertan kontzertu bat ikus-entzuteko aukera izan genuen. Perkusioa, dantzak... Jendez lepo bete zen tokia eta guztiak erritmoari jarraituz dantzan bukatu genuen.

Tuesday, April 18, 2006

Familia berriak


Argazkiko hegaztiei Kanadako Ahate deitzen zaie. Renon euren kopurua izugarria da. Berez Hego Amerika aldera migratu beharko lukete , baina azken urteotan ez dira hiri honetatik mugitzen. Beraien toki gogokoena Rancho San Rafael parkea da, eta hara gerturatuz gero, dozenaka aurki daitezke.

Nik ez ditut gogoko ahate hauek egia esan. Oso zikinak dira eta lurra kakazten dute. Gainera, aurreko egunean telebista kate batean ikusi nuenez supermerkatu baten teilatuan bizi den ahate batek jendeari erasotzen dio. Beldurtu nintzen hori entzutean, izan ere, hemen ditugun guztiak berdin jokatzen hasten badira... ez dut pentsatu ere egin nahi.

Hala ere, azken aldian irudi polita ikus daiteke Reno inguruetan; ahateek familia izan dute. Euren gurasoen antzik ez dute momentuz, txikiak eta hori-beltz kolorekoak dira, politak nolabait esateko. Eta ikus daitezke ama eta aita ahateak harro, euren txitak edozein erasotatik babesten.

Monday, April 17, 2006

Elurra teilatuan


Astelehena...

...Eta horrela esnatu gara gaur Reno aldean; teilatu, errepide eta mendiak zuri. Bazirudien bai eguraldiak hobera egingo zuela, baina azkenean negura itzuli garela ematen du. Normala ei da apirilean horrelako eguraldia egitea. Beraz, aurreko egunean kendu nituen zapatilak armairuan utzi ditut eta ia ahaztuta nituen mendiko botak atera.

Eta batzuentzat polita izango den arren... nik epeltasuna behar dut! Hain luzea izan da negua...