Friday, April 14, 2006

Udaberri aztarnak


Renora ere iritsi dira udaberri aztarnak. Atzo, esaterako, eguraldi paregabea egiten zuen eta aprobetxatu beharra zegoela eta, etxetik gertu dagoen Rancho San Rafael parkera gerturatu nintzen eskola eta gero.

Zapatilak kendu eta etxeko lanak egin nituen epel-epeletan. Ingelesez idazlanak txukun atera daitezen, hainbat teknika ikasten ari naiz TMCC-n (Truckee Meadows Community College). Brainstorming-a egin ondoren, ingurukoaz gozatzeko aukera izan nuen. Lasai asko parkean kometekin ari ziren pertsonei begira aritu nintzen. Egia esan, ez zen horrekin jolasteko egunik onena izan, haize gutxi zegoen eta.

Azken asteotan izan dugun egunik ederrena. Hala ere, honek ere Euskal Herria ematen du sarri, astebururako txarra iragarri dute eta!!

Thursday, April 13, 2006

Gazte Topagunea


Bihar, apirilaren 14a, hasiko da Gazte Topagunea Etxarri Aranatzen, 1994. urtean lehen Topagunea antolatu zuten toki berean hain zuzen ere. Jende ugari gerturatuko da ziurrenik. Tipi-tapa, independentzian topa aukeratu dute aurtengo lelo.

Batzuk hiru egunetarako joango dira Nafarroa aldera; beste batzuk interesatzen zaizkien ekitaldietan hartuko dute parte. Goizetik gauera arte ekimenez beteta egongo dira atondu dituzten hamaika guneak. Mahainguruak, hitzaldiak, erakusketak, tailerrak, kontzertuak...

Aspertzeko aukera gutxi beraz! Animatu Etxarrira eta ondo pasa dezazuela!

Informazio gehiago: http://gazte-topagunea.com/

Wednesday, April 12, 2006

Night of All Nations


Euskal Herria ordezkatua izan zen apirilaren 7an Night of All Nations (Nazio Guztien Gaua) ekitaldian. Aurten ekimenaren 24. edizioa izan da eta 60 herrialde baino gehiago egon ziren ordezkatuak. Horien informazioa emateaz gain, janari mota desberdinak dastatzeko aukera ere egon zen.

Mahaian Nicole (amerikarra) eta biok jendearen zalantzak argitzen ibili ginen. Bien bitartean, Monika eta Alvaro bizkaitarrak (argazkian) pintxoak prestatzeaz arduratu ziren. Jende piloa gerturatu zen, beraz, lan bikaina egin zuten seinale!

Geroarte!!!


Joan zaigula Juan. Oteiza ikertzera joan da Nafarroa aldera. Renotik, beraz, zorte on eta Euskal Herrian elkar ikusi arte!

Ongietorriak

2005eko abuztuaren 30ean hartu nuen lur AEBko Reno hirian, Nevadako Estatuan. Ordutik, mila bizipen, mila irribarre eta negar izan ditut bidailagun. Beti ere aberasgarri.

Arrasatetik irten nitzen, hilabete batzuk egin ditut hemen eta geroz eta gutxiago geratzen da Euska Herrira itzultzeko. Beti izango dut gogoan hemengo esperientzia, nire bizitzaren zati garrantzitsua, hazten lagundu didan bidaia.