Thursday, May 11, 2006

Nevada eta Kaliforniatik bueltaka






Joan dira Edurne eta Josemari AEBtik. Apirilaren 28an iritsi ziren nire gurasoak Renora eta hemen egin dituzten 10 egunetan gauza asko egin dugu elkarrekin. Kotxe bat alokatu genuen eta toki mordoa bisitatzeko erabili dugu.

Renon hasi zen gure bidaia, hiri txiki honetako bizimodua erakutsi nien, nola egin ditudan hemen daramatzadan hilabete guztiak. Ez zaie toki txarra iruditu, eta ni ere ados. Okerrena, kasinoak, eta horretan ere ados.

Tahoe lakuan ere egon ginen (argazkian Argitxurekin agertzen naiz). Han, barku batean 3 orduz ibili ginen, afaria eta dantzaldia barne. Center for Basque Studiesek antolatutako Diaspora Conference ekimenaren barruan sartutako ekitaldia izan zen, eta txangora gonbidatu gintuzten. Primeran ibili ginen, nahiz eta haize freskoa present egon.

Yosemite izan da bizitako paisaiarik ikusgarriena nire ustez. Hara iristeko zortzi ordu egin genituen autoz, bide guztiak itxita aurkitu genituen eta. Bigarren eguna aprobetxatu genuen gogoz eta bi orduko bisita gidatua egin genuen. Toki aberatsa, eta AEB-k dituen gauza txarretatik salbatzen duen tokia. Ez genuen hartzik ikusi (pena da), hori bai, eskalatzaileak han zeuden, pareta ikusgarriak igotzeko prest. Argazkian ez da ongi bereizten, baina El Capitan mendiko irudian, gorriz borobilduta, hiru eskalatzaile agertzen dira. Hiru egun behar dira pareta hori igotzeko; benetan ausartak, bai horixe!!!!

San Frantzisko ikusteko aukera izan genuen baita ere. Aurretik egona naiz bertan; nire gurasoentzat, aldiz, lehenengo aldia. Gustatu zaie. Alkatrazen ere egon ginen, kartzela izandakoa barrutik ikusten; ikusgarria. Historia kontatzen dute, bertan presoak nola bizi ziren, zirraragarria.

Eta nola ez, Golden Gate, Chinatown, Market Street... Eta hippy mugimenduaren adierazgarri den Ashbury auzoa. Oso polita, jende ugari kalean, nahiz eta hippyak desagertu eta nahiko komertziala izan. Ikusteko gomendagarria hala ere.

Hau izan da laburbilduta oporraldiaren kontakizuna. Hemen sartu ez dena, nire gogoan geratuko da betirako.

1 Comments:

Anonymous Anonymous said...

Zure gurasoak gustura ibiliko ziren zurekin, ezta? Hainbeste tokitara eraman badituzu... Euskal Herrira ongi jantzita itzuliko zirela uste dut.
Egin al zenezake beste itzuliren bat, bidaiakideak aldatuz? Kultura turismoko gida bihur zintezke...
Mendi-aga

1:59 AM  

Post a Comment

<< Home